Telefonoz proiektua azaldu ostean, Eneko Etxeberriarekin Kale Nagusiko taberna batean geratu nintzen. Segituan jabetu ginen ederki moldatuko ginela elkarrekin. Oso ondo oroitzen dut nola esan zidan, beso bat galtzeko prest legokela anaia lurpertatuta non dagoen jakitearren. Beste biktima batzuen familiei galdetzen nien ea fetitxe bat edo antzeko zerbait izan zitekeen objeturen ba ote zuten gordeta. Fermin Perez Elexperen irudia memorian itsatsita daukat, Victor, bere anaia, hil zutenean balek zulatutako Montrealen 76ko olinpiadetako propaganda zeraman poltsarekin edo Aitziber Ibaibarriaga, Txabi Etxebarrietaren iloba, Benta Haundin zeramatzan pastazko betaurreko mitikoekin. - Tira, esan zidan Enekok, - Nik anaiaren autoaren bolantea daukat. Jendarmeek aitari esan zioten zerbait eraman nahi ote zuen, ez baitzegoen ezer pertsonalik, eta bolantea eraman zuen. - Ba, bolante hori argazkia egiteko eramango dugu-, esan nion. - Ados, ea hemen edo baserrian dagoen begiratu behar dut.-
Ziburuko Ohianalde etorbidean geratu ginen eta argazki batzuen laguntzaz, zihurtasun osoz Naparraren autoa agertu zen tokia bilatu genuen. Azkar egindo dugu esan nien, argazkiak egiteko denbora hartzen dudala kontutan hartuta. Itxura hauskorreko emakume harrek bolantea indar horrekin heldu zuenean eta Enekok bere eskuaz ama sorbaldatik helduz, babesa eman nahian bezala, argazkia egina zegoela jakin nuen. Desenfokatze arin bat lehen planoa nabarmentzeko eta listo. Ez zegoen konposizioan asko pentsatu beharrik, argazkia egina zegoen. Argazkian hiru pertsonaiak ikusten ziren, Celes, Eneko eta Jose Miguel. Denborak bere hartan iraun izan balu bezala irudikatzen duen zirkulua, Etxeberria-Alvarez sendiaren borrokak eta bilaketak bezela, behin eta berriro itzultzen dena, arnasa hartzen duena baino inoiz gelditzen ez dena, Jose Miguel bera da. Bolantea noruntz joateko? Pertsona maitatu baten bila? Eszena, nork bere erara interpreta dezala. Oso irudi indartsua nuela jakinda, 4 argazki egin nituen, jakinik gainera, bolante bat eskuan duen familia bat aurkeztearen anakronismoak eta garaiz kanpokoa izateak, galdera asko sortuko zituela argazkia ikusten zutenengan.
Eta hau da argazki honen istoriotxoa. Oso pozik nago argazkiarekin, baina irabazi dudana hori baino askoz gehiago da. Gaur esan dezaket Eneko lagun ona dudala eta nahi duenerako hemen naukala. Ez dugu atsedenik hartuko Jose Miguel aurkitu arte.
No hay comentarios:
Publicar un comentario